XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal jaien azterketa kritikoa

Euskal jaien banan-banako azterketa, beharrezkoa da. Baina ez nahikoa. Gertakizun zehatzen azterketak berekin dakar (hala behar luke), aztergai izan dugun objetutik urrundu eta gertakaria bere osotasunean ulertzen saiatzea. Guk Areatzan izandako euskal jaiak aztertu ditugu sakonean.

Azterketa zehatz baina aldi berean bakar hau ez da ordea nahikoa fenomenoaren inguruan pisuzko hipotesiak egiteko. Hau dela eta, sarrerakoan adierazi dizugunari jarraiki, atal honetan ez dugu jadanik urraturik aurkitzen diren edo urratzeke dauden ikerketa bideak aipatu besterik egingo.

4.1. Euskal jaiak aldatuz doaz: Euskal Jai kontzeptuaren aldaketa

Liburuan zehar ikusi ahal izan duzuenez, guk batez ere XIX. mende bukaerako euskal jaiak izan ditugu kontutan.

Sinkronikoki aztertuz, euskal jai mota ezberdinak aurki ahal baditzagu, diakronikoki aldeak nabariagoak dira oraindik, euskal jai kontzeptuaren aldaketa eman dela uste izateraino.

Aldi ezberdinak bereiz ditzakegu beraz: egia esan, azterketa sakonago baten beharra dugu zehaztasunez garai ezberdinak mugatu eta deskribatzeko. Zein esanahi gorde ditzake euskal jai kontzeptuak mende t'erdiko historian zehar?

1) Euskal jaiek euskaldun izateko modu bat babesteko helburua dute: hau da hain zuzen ere Abbadiak antolatutako euskal jaiei buruz esan duguna.

2) Euskal jaiek euskal literatura bultzatzeko helburua dute: Donostian batez ere, literatur berpizkundeak garrantzi handia duela konturatuko gara.

3) Euskal jaiak, euskaldunen babesleku izan daitezke: Francoren garaian adibidez.

4) Euskal jaiak, euskal izaera kanpotarrei agertzeko erabil daitezke, gaur egun hain ezaguna den turismoa bultzatu asmoz.

5) Azkenaldi honetan, multietniko zentzua bilatu nahi zaie euskal jaiei. Kultura desberdinen arteko topagune bihurtu zaizkigu. Begira bestela 1997.eko Donostiako Euskal Asteari, Abbadiaren omenez antolatu zen Musika Hamabostaldiko kontzertuari, etab... Kultura aniztasuna da gaur kontutan hartzen hasi garena.